4Sport negozio-ideiak aurkezpen onenaren saria jaso zuen Ikasenpresa ikasten ari den Arabako LHko ikasleentzako ekintzailetza-kongresuan, Gasteizko Europa Kongresu Jauregian. Ikasleek ahalegina egin behar izan zuten aurkezpen sintetiko on bat egiteko, minutu eta erdiko denbora baino ez zutelako.
4Sportek landu duen negozio-ideia txirrindularitzarako ekipamendu berezi bat garatzea izan da. Jantzi horietan LED argiak sartuz, txirrindulariei ikuspen handiagoa ematea, haien segurtasuna bermatzea eta istripu-arriskua murriztea lortu dute. Daniel Martínez, Aitor Apilanez, Nerea Pérez eta Naroa Campo dira saritutako taldeko kideak.
Komunikazio tailer honetaz gain, ikasleek Kongresuan parte hartzeko aukera izan zuten goizean egin ziren beste tailer batzuetan: zibersegurtasuna, Basque Cybersecurity Centre-ren bidez; Visual Thinking, Iñaki Martiarenarekin; Finantzak bizirauteko, Sergio Rodriguezekin; eta Eureka ezin naiz gelditu Miguel Ángel Ugartemendiarekin.