CIFP Mendizabala LHIIk hari gabeko sakagailuak garatu ditu desgaitasuna duten pertsonen autonomia hobetzeko

Zergatik ez batu pertsona horien benetako beharrak ikasleen ezagutza teknikoekin eta ikastetxean eskura dauden baliabideekin? Proposamena aurretik hezkuntza bereziko Gorbeialde ikastetxe publikoan lan egin zuen Mendizabalako irakasle batek egin zuen.

Carlos Etxeberria, Mendizabala LHIIko Fabrikazio Mekanikoko irakasleak, ekimen solidario horren berri eman zien Mekanizazioko erdi mailako zikloko (D eredua) bigarren mailako ikasleei, eragin sozial argiarekin: ordura arte erabiltzen ziren kable bidezko sakagailuen ordez haririk gabeko beste batzuk jartzea, erosoagoak eta aulki gurpildunetatik erabiltzeko irisgarriagoak. Gailu horiei esker, mugikortasun oso mugatuko ikasleek beren kabuz aktibatu ditzakete aparatu elektrikoak. Eguneroko ekintzek, hala nola argi bat edo haizagailu bat pizteak, gehienentzat oharkabean pasatzen direnak, balio berezia hartzen dute pertsona horientzat, autonomia eta autoestimua indartzen baitituzte.

Soldadura elektrikoko eskola teorikoetan eskuratutako elektrizitateari buruzko oinarrizko ezagutzekin, ikasleek onartu egin zuten irakasleak planteatutako erronka. Ikasleek sakagailuak erosi, muntatu eta beharrezko kableak instalatu zituzten, Gorbeialden hainbat etxetresna elektriko konektatu ahal izateko.

Ikasleak Gorbeialde ikastetxera joan ziren, eta irakasleek hartu zituzten. Bertan, gailu berriak aurkeztu eta horien funtzionamendua azaldu zuten, ikaskuntza teknikotik haratago doan lankidetza burutuz.

Esperientzia hori ikastetxeen arteko lankidetzaren adibide izateaz gain, balioetan ikasgai baliotsua ere izan da.