Asteburu ahaztezina eta zirraragarria izan da Menditech E-Racing Team taldearentzat Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Euskelec 2026 txapelketak denetarik utzi digu: garaipenak, ezustekoak, talde-lan izugarria eta, batez ere, sari nagusi bat etxera eramateko harrotasuna.
Larunbat lasaia eta igande bikain baten hasiera
Gure monoplazak larunbateko egiaztapen teknikoak inolako arazorik gabe gainditu zituen. Ezustekorik gabeko egun lasaia izan zen, igandeko erronkarako dena prest zegoela erakutsi zuena.
Igande goizean indartsu hasi ginen. Kirol zikloko Iharte ikasleak gidatutako monoplazak erakustaldi argia eman zuen slalom, balaztatzean eta azelerazio probetan. Ezin hobeto egin zuen: sailkapen orokorreko bigarren postua lortu zuen proba hauetan.
Zailtasunen aurrean, talde-lana boxes-etan
Lehiaketan, ordea, ezustekoak agertzen dira. Zirkuituan jarritako bide zuloak handiegiak ziren eta, kolpeen ondorioz, txasisa okertu egin zen. Baina Menditech-ek borrokan jarraitu zuen: taldeak txasisa zuzentzea lortu zuen eta erresistentzia lasterketan irteera puntuan egotea bermatu zuen, Iharteren emaitzei esker bigarren postutik hasiz.
Lasterketa nagusian, Anuk (Irudi eta Soinu zikloko ikasle eta pilotua) bolantean jarri zen. Oso itzuli gutxitan lehen postuan jartzea lortu zuen, bere abiadura eta trebezia argi utziz. Zoritxarrez, lasterketaren erdian mangueta hautsi eta boxes-etara sartu behar izan zuen. Bertan, Jan, Ugaitz, Gorka eta Mikel mekanikariek lan bikaina eta azkarra egin zuten autoa konpontzeko. Anuk berriro pistan sartu zen eta asteburuko itzulirik azkarrena markatu zuen: 1:12,039.
Batzuetan lasterketak horrelakoak dira. Aurten ezin izan dugu erresistentzia lasterketa lehenengo postuan amaitu iaz bezala, baina erakutsitako maila eta autoaren potentzia ukaezinak izan dira.
Berrikuntzaren Lehen Saria: Gure Mikro-ETEaren arrakasta
Euskelec-ek ikasturtean zehar erronken bidez egindako lana saritzen du, eta arlo horretan Mendizabala nagusitu da: Berrikuntzaren Lehen Saria irabaziz, gure “Mikro-ETE Jasangarria” proiektuari esker.
Atal honetan, eskerrak eman nahi dizkiogu bihotzez FOL (Lan Orientazio eta Prestakuntza) sailari, azken aste hauetan ikasleekin memoriaren defentsa hain ondo lantzeagatik.
Garaipen hau ez litzateke posible izango Mendizabalako ziklo guztien parte-hartzerik gabe. Diseinua, fabrikazioa, automozioa, kirola, irudi eta soinua, arte grafikoak… bakoitzak bere hondar alea jarri du proiektu hau arrakasta izateko. Zorionak talde osoari!






