Eusko Jaurlaritzako LHko Sailburuordetzaren bitartez STEAM bokazioak sustatzeko Hezkuntza Sailak bultzatu duen neskUP! proiektuaren esparruan, CIFP Mendizabala LHIIk ekitaldi bat antolatu du automatizazioaren eta robotikaren mundua ikasleei hurbiltzeko.
Irudi pertsonaleko, arte grafikoetako edo irudi eta soinuko ikasleek automatizazio edo robotika industrialari buruzko «pilula» batzuez gozatu ahal izan dute. Emakume horiek guztiek aurrez Vital Fundazioak finantzatutako FARM proiektuaren barruan garatu ziren estazio automatizatuekin elkarreragiteko aukera izan dute. Proiektu horren helburua automatizazioaren eta robotikaren mundua, arlo horietan emakumearen integrazioa eta euskararen erabilera sustatzea da.
Konpromiso irmo eta zehatza hartu dute STEAM lanbide-arloetan matrikulatutako emakumeen kopurua handitzera bideratutako ekintzak garatzeko. Ikastetxeek ikasturte bakoitzean hiru ekintza egingo dituzte bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko, genero-arrakala desagerrarazteko, LHko ziklo maskulinizatuenekin lotutako estereotipoei buruz sentsibilizatzeko, STEAM lanbide-alorretan LHko neska ikasleen talentua aitortzeko eta lanbide-orientazioa hobetzeko. Ekimena STEAM bokazioen sustapenaren alorrean erreferentziazko proiektu bihurtzeko asmoz jaio da.
WEB-ATARIA
Ekintza horiek agerikoagoak izan daitezen eta beste ikastetxe batzuk eta, oro har, gizartea inspiratu ahal izateko, www.neskup.eus ataria sortu da, neska gazteak ahalduntzeko eta STEAM genero-arrakala delakoarekin amaitzeko plataforma. Webgune berri honen bidez, halaber, ahotsa emango zaie beren lan-ibilbidea garatuko duten esparru profesionala hautatuz berdintasunaren alde borrokatzen hasiak diren neska ikasleei.
LEHIAKETA
Lanbide Heziketako ikastetxeek #NeskUP!2023 lehiaketa ere antolatu dute proiektuaren esparruan. Tik Tok plataformaren bidez, parte-hartzaileek hausnarketara gonbidatzeko eta STEAM lanbideak ikusarazten laguntzeko bideo bat aurkeztu beharko dute. Bakarka edo taldean parte har daiteke, ikastetxeen bitartez. Izena webgunean dagoen inprimakiaren bidez eman beharko da, martxoaren 8tik aurrera. Kategoria bakoitzeko irabazleen izenak, bai eta sari-banaketa noiz eta non izango den ere, maiatzaren 8tik aurrera argitaratuko dira webgunean.
KOPURUTAN
Lanbide Heziketako 26 lanbide-arloetatik 11 STEAM lanbideekin lotuta daude: elektrizitatea eta elektronika; energia eta ura; eraikuntza eta obra zibila; fabrikazio mekanikoa; informatika eta komunikazioak; instalazioa eta mantentze-lanak; irudia eta soinua; elikadura-industriak; zura, altzariak eta kortxoa; kimika; eta garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak.
Emakumeen presentzia eta gizonena STEAM zikloetan ez da parekoa. Oro har, andrazkoena % 24 ingurukoa da, are txikiagoa Kimika edo Elikadura-industriak alorretan, besteak beste, eta industria-alorretan % 12ra murrizten da. 2027rako ezarritako helburuaren arabera, emakumeen presentzia industria-sektorean % 20ra bitarte handituko da.
Ziklo hauek lan-aukera ugariago, soldata hobeak eta garapen profesional handiagoa eskaintzen badituzte ere, andrazkoen bokaziorik ezak genero-arrakala areagotzen duen arazoa izaten jarraitzen du.