CIFP Mendizabala LHIIko Fabrikazio Mekanikoko Departamentuak itsas edukiontzi bat bizikleten tailer jasangarri bihurtzea bultzatu du. Hori posible izan da Gasteizko Udalari esker, Udaltzaingoak Aguirrelandan duen gordailutik datozen 30 bizikleta eman baititu dohaintzan, eta Soldadura eta Eraikuntza metalikoak, Instalazio elektrikoak eta Diseinua fabrikazio mekanikoan, Arte grafikoak eta Irudia eta Soinua zikloetako lanari eta ilusioari esker. Ekimen hau Erasmus+ «Creative people for greener cities (MULTIGREEN )» elkarte estrategikoen lankidetza-proiektuaren barruan kokatzen da, eta CIFP Mendizabala LHIIk parte hartzen du, Italia, Letonia eta Txekiar Errepublikako beste zentro batzuekin batera.
Udalak eta Gasteizko institutu horrek hitzarmena sinatu dute gaur goizean 30 bizikleta horien lagapena formalizatzeko. Ikastetxeak, iraunkortasuna sustatzearen aldeko apustu argia eginez, diziplinarteko proiektu bat aurrera eramatea erabaki du. Proiektu horren bidez, batetik, hezkuntza-komunitateko kideei zerbitzu bat eman nahi zaie, eta, bestetik, ikasleen gaitasunak garatu nahi dira, ikastetxe hau osatzen duten sailetan eta espezialitateetan ematen diren ezagutzak praktikan jarriz.
Zentroak itsas edukiontzi bat erosi du eta kargagailuak instalatu ditu, bizikleta eta irristailu elektrikoak kargatzeko plaka fotovoltaikoen sistema batekin elikatuko direnak. Edukiontzia zentroko bizikletak gordetzeko ere erabiliko da, eta tailer gisa, norbaitek bizikletak edo patinak mantentzeko lanen bat egin behar badu.