MendiTech e-Racing: Gure monoplazaren motor elektrikoa ezagutzen


Menditech e-racing Team-en buru-belarri jarraitzen dugu lanean Euskelec Txapelketaren
IX. Ediziorako. CIFP Mendizabala LHII-ko lantegietan diseinu eta muntaketa aste batzuen
ondoren, gaur gure proiektuaren oinarri nagusietako bat aurkezten dizuegu: 5. Erronka –
Powertrain eta Transmisioa.
Nola mugitzen da gure auto elektrikoa?
Artikulu honekin batera doan bideoan, Automozio eta Elektromekanikako ikasleek modu
zehatzean azaltzen dute nola eraldatzen dugun energia elektrikoa mugimenduan, modu
eraginkor eta, batez ere, seguruan.

  1. Potentzia eta Kontrola: Powertrain-a
    Sistemaren oinarria 1,2 kW-eko iman iraunkorreko motor trifasikoa da. Energia 47V-ko
    litio-ioizko bateria batek ematen du, eta kontrolatzaile berritzaile batek kudeatzen du
    dena; honek korronte zuzena alterno bihurtzen du, motorraren biraketak gidariaren
    azeleragailuaren arabera doituz.
  1. Segurtasun Aurreratua eta Errealitate Birtuala
    Guretzat segurtasuna lehentasuna da. Honako elementu hauek nabarmentzen dira:
    ● Kanal bikoitzeko larrialdi-etengailuak (setak), potentzia berehala mozteko.
    ● Presostatoak zirkuitu hidraulikoan: balazta-argiak pizteaz gain, kontrolatzaileari
    mozketa-seinalea bidaltzen diote segurtasuna bermatzeko.
    ● Berrikuntza prestakuntzan: Protokolo hauek arriskurik gabe menderatzeko,
    Errealitate Birtuala erabiltzen dugu. Horrela, powertrain-a konektatzeko eta
    deskonektatzeko prozedurak ingurune digitalean praktikatzen ditugu auto errealean
    hasi baino lehen.
  2. Transmisio Eraginkorra
    Aurten irtenbide tekniko bitxia hautatu dugu: 5:1 erreduktore epizikloidala, %98ko
    errendimenduarekin. Potentzia zuzenean atzeko eskuineko gurpilera transmititzean,
    diferentzial astun baten beharra saihestu dugu. Horrela, multzoa arindu dugu eta kurbetan
    biraketa naturala ahalbidetu dugu.
    Mantentzea eta Fidagarritasuna
    Zehaztasuna funtsezkoa da gure monoplazaren iraupenerako. Konexio elektrikoetan
    5Nm-ko estutze-parea aplikatzetik (akats elektrikoak ekiditeko), bateriaren mantentze
    kritikoraino (karga periodikoak fabrikatzailearen kargagailuarekin), urrats bakoitza ikasleek
    protokolizatuta dute.
    Bideo osoa ikusi! Gure taldea martxan ikus dezakezu eta xehetasun tekniko
    gehiago ezagutu gure sare sozialetan.