Mendizabala LHII-ko MendiTech e-Racing Team taldeak asteburu arrakastatsua bizi izan du Euskelec Txapelketa Nazionalaren VIII. edizioan. Txapelketa maiatzaren 17an (larunbata) eta 18an (igandea) bitartean ospatu da, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. “Ibilgailuen Mantentze-lanen” Erdi Mailako Heziketa Zikloko ikasleek, eta zentroko beste heziketa-ziklo batzuetako ikaskideen ezinbesteko laguntzarekin, ETHAZI metodologiaren bidez egindako hilabeteetako lan, berrikuntza eta ikaskuntzaren emaitza erakutsi dute.
Abentura larunbatean hasi zen, egiaztapen tekniko zorrotzekin. Ibilgailuaren pisuarekin (152kg erregistratu zituen gure ibilgailuak, arautegian, gutxienez 150kg-ko muga zuen bitartean) gorabehera txiki hau medio, taldeak proba bikain gainditu zuen, urte osoan egindako lanean konfiantza transmitituz.
Igandean, proba dinamikoekin hasi eta MendiTech-ek bere potentziala erakutsi zuen: 6. postu sendoa Slalomean, ibilgailuak suspentsioa probatzeko diseinatutako kosken exijentziei arin erantzunez; 10. markarik onena Balazta proban, bere sistemaren eraginkortasuna eta egonkortasuna agerian utziz; eta 2. postu ikusgarria Azelerazioan, hasierako trakzio bikainari eta potentzia-emate konstante bati esker, pilotuaren eta autoaren arteko pisuari esker.
Asteburuko une gorena Erresistentzia lasterketan iritsi zen. Parrilaren azken postuetatik abiatuta, MendiTech e-Racing Team taldeak, bere 16. dortsala soinean, ¡LEHEN POSTUAN helmugaratu zen! Zirkuituaren goiko aldean izandako talka baten ondorioz espero baino itzuli gutxiago egin ziren, eta karrozeria hondatua izanik, boxetan karrozeria konpondu zuten aurrera eginez. Kotxearen errendimendua bikaina izan zen, proba %50eko autonimiarekin amaituz eta itzuli azkarrena markatzen saiatuz ere.
Errendimendu horri esker, txapelketako SAILKAPEN NAGUSIAN 2. POSTUA irabazi zuten, baita EFIZIENTZIA ONENAREN ETA KOMUNIKAZIO ONENAREN sariak lortu.
Emaitza hauen atzean berrikuntza lan handia dago, bereziki egur konposatuzko oholez egindako eta laser bidezko grabatuarekin apaindutako karrozeria originalean, zentroko Arte Grafikoen sailaren lan bikaina. Suspentsioa garatzeko, RPKrekin izandako lankidetza eta haien uhin-malgukien erabilera funtsezkoa izan da. Taldeak aste hasieran barne-mezu batean adierazi zuen bezala, “Zuen laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen”, eskerrik onenak Arte Grafikoen, Ikus-entzunezkoen, Fabrikazio Mekanikoaren eta Eraikuntza Metalikoen sailen “izugarrizko pazientzia” eta lankidetza azpimarratzen ditu, proiektuaren arrakastaren zutabe izan baitira.
Andre Maria Zuriaren plazan bizitako giroa emozioz beterikoa izan zen. Publiko ugari bertaratu zen eta Mendizabalako ziklo desberdinetako irakasle ugari ere gonbidapenari erantzunez gogotsu animatzen aritu ziren. Oscar Alarciak, ibilgailuen elektromekanikako ikasleak, taldearen poza islatu zuen: “Asteburu sinestezina izan da, izugarri ikasi dugu eta autoa horrela lehiatzen ikustea saririk onena da. Zentro osoaren eta hainbeste lagundu diguten sailen babesa sentitzea funtsezkoa izan da”. Bere aldetik, Iker Arantzetak, proiektuaren tutoreak, gaineratu zuen: “Oso harro gaude mutilen lanaz, konpromiso handia erakutsi dute.”
Lankidetza garrantzitsua
Euskelec VIII. edizioan parte hartzeak ez da soilik kirol garaipen bat, gure ikasleen gaitasuna, talentua eta lankidetza espiritua erakusten dituen prestakuntza-esperientzia baliotsua da. Mendizabala LHII zentrotik, gure zorionik beroenak MendiTech e-Racing Team taldeari eta eskerrik zintzoenak Euskelec-eko antolakuntzari, Tknikari, RPKri bere laguntza teknikoagatik, familiei beren baldintzarik gabeko babesagatik, Vital Fundazioari, BIC Arabari eta Spriri beren lankidetzagatik. Zorionak, talde!




