Ikasenpresa programa ikasgeletan eskola enpresak sortzearen inguruan garatzen den hezkuntza programa bat da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak koordinatzen du erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako ikasleei zuzendutako programa, Tknikaren bidez (Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa).
Ikasleek enpresa txiki bat eratzen dute eta enpresari dagozkion jarduera guztiak egiten dituzte: irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketa, etab. Beren produktuak benetakoak dira, beraiek egindakoak edo merkaturatutakoak. Enpresa horiei bazkide bat esleitzen zaie, beste eskola enpresa bat, eta harekin merkataritza harremanak izaten dituzte, merkatu azterketak egiten dituzte eta produktuen katalogoa trukatzen dute, azkenean salerosketa bat egiteko.
Ikasturtean zehar, enpresaburuen bi batzar egiten dira. Batzar horietan, enpresa bakoitzeko bi ordezkarik parte hartzen dute; lehenengoan, beren enpresa aurkezten diete gainerakoei, eta, bigarrenean, hura nola doan kontatzen dute. Bilera horien lehen zatian Komunikazioko tailerrak eta Saltokia ematen zaizkie.
Otsailean azoka bat antolatzen da ikasleek saltokia landu dezaten eta euren produktuak jendeari eskain diezazkioten.